2016(e)ko abendua 20, asteartea

Aralarko pista 'berria'-k




Izan ere, une honetan egiten ari diren pista ez da Aralarko pista bakarra, baizik eta lehendik zeudenei gehitu nahi zaiena: zehazki, Aralarko bihotzean den Saltarriko abere itxiturara iristeko, bost txaboletatik pasaz, 4,4 km luzerako eta 3,5 metro zabalerako pista egitea aurreikusten da, 96 metrotan, batez beste, 5 metroko altuera izango duen harri lubetarekin. Enirio-Aralar mankomunitatearen aginduz egina dago dagoeneko Goroskintxuraino iristen den zatia, nahiz eta obra-proiektuaren informaziorik ez duten zabaldu lanak hasi eta hamabost egun pasa arte.

Gaia ez da berria. Enirio-Aralar Mankomunitateak 2003an onartutako plangintzan jasota dago Goroskintxutik gora pistak egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkeela, eta egun gauzatzen ari diren proiektuak ez du azaltzen ondorio horretara iristeko arrazoiak zertan aldatu diren. Hala ere, egiten ari direnaz gain, Enirio-Aralar mankomunitateak 2017rako eta hurrengo urteetarako pista gehiago egitea onartu du, txabola guztietara iritsi arte.



Artzaintza da Aralarren pista berriak egiteko beharra justifikatzen dutenen argudio nagusia. Azken hilabetean artzain profesionalak entzun eta irakurri ditugu hedabideetan euren lanbiderako erraztasunak, alegia, mendian ibilgailuz ibiltzeko aukerak eskatzen. Halaber, Tolomendi landa garapen agentziako Iker Karrera teknikariak emandako elkarrizketan (Tolosaldeko atarian) hitzez hitz dio: «[...] Aralar posible egiteko abeltzaintza beharrezkoa baldin bada, [...] bideak ezinbestean onartu beharrekotzat hartu behar dira. Bideen aurkako jarrerak automatikoki esan nahi du abeltzaintzaren aurkako jarrera dagoela, ez baitira biak posible». Ez da egia. Batetik, artzaintzak eta abeltzaintzak, berdin nekazaritzak, bizi duten gainbehera mendiko lanaren zailtasunei egoztea gezurretan aritzea delako; eta bestetik, natur balioen etengabeko galerarik gabeko abeltzaintza posible ez ezik, beharrezkoa delako etorkizun jasangarria irudikatu nahi badugu.
Aralar parke naturala da, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua, eta Foru Aldundia da kudeaketaren arduraduna baita Enirio-Aralarko mankomunitatearen lurretan ere. Foru Aldundiari dagokio bertako ondare naturala kontserbatu, zaindu edota berreskuratzea. Harrigarria ez ezik, benetan salatzekoa da erakunde honek auzi honetan erakutsi duen jarrera. Prozedurari dagokionez, lotsagarria da tamainako ingurumen-eragina daukan proiektuaren informazioa ezkutatzeko egindako ahalegina, eta benetan kezkatzekoa proiektua halako gabeziekin baimendu izana: ez da azterketa geoteknikorik egin (nahiz eta pista egingo den eremua karstikoa izan eta leize, galeria edo kobaren batekin topo egiteko aukeraz gain, akuiferoetan eragiteko arriskua egon), aztarnategi arkeologikoak oso modu interesatuan hartu dira kontuan eta aztarnategi paleontologikoei buruzko txostena falta da, lurzoruan eragingo den higadura ez da aintzat hartu, Europar Batasunak babestutako espezie eta habitatak dauden lekuetatik pasako da, ikaragarrizko inpaktua izango du paisaian, (Aralar paisai mota hauskorra bezala dago katalogatuta EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan, eta ondorioz, pisten inpaktua absorbitzeko ahalmenik ez duela ulertzen da) etab. Laburtuz, proiektuari onarpena emateko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua baliatu da, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (1994) arabera zorrotzagoa den Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa beharko lukeenean. Ondorioz, pisten proiektu honentzat ez da alternatibarik proposatu.

Bestalde, larria bada aldundiak natur ondarearen defentsan erakutsi duen arduragabekeria, are larriagoa da pistaren alde dauden gainerako interesatuekin auzia behar ez den lekuan kokatzeko baliatzen ari den estrategia. Pisten proiektuaren interes kontrajarriak ekologisten eta artzainen kontrako eztabaidara mugatzea da estrategia horren helburua, auzia mendia aisialdirako baliatu nahi dugun kaletar ezjakinen eta artzain sakrifikatuen interesen arteko lehian irudikatzeko. Natur ondarearen kontserbazioa desio dugunon eta naturaren ustiapenetik bizi direnen arteko dikotomia bilatzen da: kalea/baserria, lana/aisialdia, kaletarren ezjakintasuna/abeltzainen beharrak. Aldundiaren estrategiak herritarrak aurrez aurre jartzera behartzen gaitu, egoera erabat desatseginak biziaraziz. Auzi hau natur ondarearen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko lehian kokatu behar da, eta Foru Aldundiak berebiziko ardura du kontu honetan, bere egitekoa baita Aralarko ondare naturala zaintzea.
Aralar antzinatik baliatu dugu artzaintzarako, eta uka ezina da bertako landaredia horren ondorioa dela. Hain maitea eta gurea sentitzen dugun Aralarko paisaia erabat aldatuko litzateke bertatik ardiak eta bestelako aziendak kenduko bagenitu. Baina, hori ez dago zertan interpretatu bioaniztasunaren galera bezala, aitzitik, pixkanaka-pixkanaka basoranzko bidea hartuko luke gaur gailentzen ez diren landareei esker. Gaur-gaurkoz, ez da hau natur kontserbazioniston eta ekologiston nahia. Maite ditugu Aralarko paisaia zein bertatik bizimodua ateratzen duten artzainak, eta zer esanik ez haiek egiten duten gazta. Natur balioen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka defendatzen dugu, eta horregatik eskatzen diogu Foru Aldundiari dagozkion ardurak bete ditzala eta geldi dezala berehala proiektu hau.

Aitziber Sarobe Egiguren 

Udalak eta Arkamurkak hitzarmena sinatu dute Vista Alegreko parkea mantentzeko

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta Jon Zulaika Arkamurkako kidea . (A. Ventas Aldabaldetreku) 
Hainbat espezie inbaditzaile kenduko dituzte artelatz berriak landatzeko, eta alor didaktikoa ere landuko dute, bidexka sarean panelak jarrita.
Hitzarmen horren helburua da Vista Alegreko parkearen zaindu eta mantentzea. Eta bereziki, bertan aurkitzen den artelatz basoa babestu eta zabaltzea. "Ingurumen zinegotzi gisa, nire ardura nagusia da Zarauzko natura eta biodibertsitatea zaintzea zein babestea. Zarautzen baditugu altxor naturalak: biotopoa eta Garate-Santa Barbarako Zaintza Bereziko Gunea. Natura 2000 sarean dago sartuta alde hori. Bertan dagoen artelatz basoa babestuta dago, bere balio naturalagatik, eta Zaintza Bereziko Gunearen barruan aurkitzen da Vista Alegreko parkea ere", jakinarazi du Gloria Vazquezek. 
Haren arabera, parke horren biodibertsitatea "oso garrantzitsua" da, 2000 sarearen barruan dagoelako, eta aldi berean, balio gehigarri bat duelako; izan ere, herritik oso gertu aurkitzen da. Era berean, eraztun berde-urdinaren barruan sartzen da. Hain zuzen, berezitasun hori babesteko eta zaintzeko sinatu dute hitzarmena Ingurumen sailak eta Arkamurkak.
Natur taldea arduratuko da gune horren zaintzaz, Ingurumen sailarekin koordinatuta. Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte onartu zuen zonalde horren zaintzaren inguruko plana eta diru-laguntza bat eman zion natur taldeari. Hori baliatuz, hainbat esku hartze egingo ditu Arkamurkak.
Izan ere, Arkamurkak bazuen kezka bat: "Iñurritza eta Pagoetako Natur Parkearen plangintzak aurrera zihoazen bezala, ikusi genuen Zarautzen dugun hirugarren naturgune babestuarena, Garate-Santa Barbarako 200 hektarea inguruko zonaldeari dagokiona, ez zela martxan jarri". Udalaren jabetzako gunea izanik, plan proposamena egin zion erakundeari. "Jakinik Vista Alegrekoa parkea dela eta hala izaten jarraituko duela, jendearen aisialdirako izaten segituko du. Baina, aldi berean, beste hainbat irizpide gehituko dizkiogu artelatz basoaren kontserbazioa bermatzeko", azaldu du natur taldeko kide Jon Zulaikak.

Alor didaktikoa landu

Batetik, artelatzaren presentzia ugarituko dute. "40 artelatzetatik gora daude Vista Alegreko parkean. Baina, era berean, hainbat espezie exotiko ere badaude, bere garaian horko kondeak ekarrita. Nahasketa oso kuriosoa dugu parkean, beraz", dio Zulaikak.
Artelatz berriei lekua egiteko, ordea, bertakoak ez diren landare inbaditzaile batzuk kendu beharko dituzte, besteak beste, crocosmia, banbua eta trachycarpus-a. Beste batzuk mantendu egingo dituzte, ez direlako "inbaditzaile petoak", sekuoiak, tuliparbolak eta liquidambar-ak, esaterako. "Ikusgarriak dira, parkearei izaera exotikoa ematen diote eta ez dute aparteko arazorik sortzen". Oreka bat bilatzen saiatuko dira, hala.
Kentzen dituzten espeziekin, berriz, biodibertsitatearekin lotutako beste hainbat elementu garatuko ditu Arkamurkak, "hildako egurraren elementua", kasu. "Askori arraroa egingo zaie zuhaitz bat kendu eta bertan ustetzen uztea. Ez da zabarkeria; hori basoak mantentzeko prozesu bat da. Horrekin lotuta daude prozesu natural ugari, naturaltasuna mantendu nahi den baso hauetan mantendu beharrekoa".
Hori eta beste hainbat kontzeptutan sakontzeko, alor didaktikoa ere landuko dute, "jendeak bertatik bertara ikas dezan zer den baso natural bat, zein prozesu ematen diren baso naturaletan, zergatik artelatza hemen...". Horretarako, bertako ibilbide sarean zehar hainbat panel jartzeko asmoa dute. Horri lotuta, ekitaldi ugari ere antolatuko dituzte, Zuhaitz Eguna eta abar. Udaberrirako panelak jarrita egongo direla aurreikusi du.

Bilera, gabonen aurretik

Auzokoekin ere elkarlanean ariko direla jakinarazi du Vazquezek. Vista Alegreko bizilagun eta Torreoia bizirik taldearekin dagoeneko egin dute bilera bat hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko eta euren ekarpenak jasotzeko. "Ekitaldi ugari antolatzen dituzte parkean eta Prozesu parte-hartzaile hori herritar guztiei irekita dagoela adierazi du, eta gabonen aurretik beste bilera bat egiteko asmoa dutela zarauztar guztiekin, "parkea eta Torreoia bera altxorra delako herritar guztientzat". Horregatik, udala, Arkamurka eta zarauztarren arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela dio Ingurumen zinegotziak.

Zarauzko Hitza

PAGOETA MENDIZALE ELKARTEAREKIN BATERA PUNTA LUCERORA EGIN GENUEN IRTEERA

Urtero egin izan ohi den bezala, Pagoeta mendizale elkartearekin batera Arkamurka natura taldekoak mendi irteera bat antolatu genuen elkarrekin. Aurten aukeratutako ingurua Punta lucero izan da. Bertako landareria ezagutzeko zein bertako bitxikeriak kontatzeko bidaide ederrak aukeratu genituen, Sestaoko botanika sailetik Javier Valencia, Javier Elorza, Begoña Zorrakin eta Eduardo de Miguel etorri ziren gurekin. Arkamurkako hizlarien artean berriz honako hauek izan ziren; Martxel Aizpurua, Juantxo Unzueta, Nagore Zaldua eta Aitor Leiza. 
Irteerari buruzko kronika zabalagoa aurkutuko duzue hemen klikatuta;
Behekalden duzue ibilbidean zehar ateratako argazki sorta bat.
Hemendik eskerrak eman nahi genizkieke honelako egun eder bat hain ondo osatzen lagundu zeniguzuen denoi

 Q. humilis = Q. pubescens

Bola gorriak dituena, Pistacea lentiscus  da eta Gipuzkoako kostan ez dagoena








2016(e)ko azaroa 28, astelehena

ZUHAITZ MOTZAK-Bizimodu baten ahotsak bideoaren emanaldia


Lekua; Arkamurka natura elkarteko egoitzan. Zarautz (santa Marina 2-2)
Eguna: Azaroak 29, asteartea, 20:15an.
IzenburuaZUHAITZ MOTZAK-Bizimodu baten ahotsak

Bideo emanaldiaren ondoren, gaur egungo basoen egoera edota basoen ustiaketaren inguruan hitz egiteko denbora egongo da. 

Moarratzearen teknika denboran galtzen da. Brontze Aroko aztarnak aurkitu baitira Europan. Tamalez galtzen ari den kultur ondasun hori jaso eta Euskal Herrian ia bere bizitza osoan zehar jarduera zail eta gogor hartan aritu ziren pertsonei omenaldia egitea du bideo honek helburu.

2016(e)ko azaroa 15, asteartea

Aralar: Kaletarren aisialdia ez da gakoa



Andoni Egañak igandeko bere idatzian kaletarren larrutik hitz egin du eta une batean honela dio: “Lana ardatz duena hobetsi aisiarterako behar dugunon artean”. Esaldi horretan lana eta aisialdia jartzen dira aurrez aurre. Ez da hori niretzat planteamendu egokia Parke Natural bati buruz ari garenean, kontserbazioa jarri beharko litzateke lana eta aisialdiaren aurretik.

Parke Natural baten gainean gozatzen dut, nahiz eta bertara ez joan, jakiten dudanean animaliak, landareak, perretxikoak, errekak, akuiferoak, eta abar ondo zainduta daudela, aske eta ez uxatuak, edo lerden eta hedakor. Pozten naiz bertako giza jarduerak naturarekiko errespetuz gertatzen direla jakitean. Tristetzen naiz ehiza, perretxiko-bilketa edo ahuntzak baimentzen direla jakiten dudanean edo artzain profesionalen aitzakiarekin auto-kopurua handitzen ari direla jakitean.

Administrazioa, aldiz, parke horiek zenbat pertsonek bisitatzen dituzten kezkatzen du, zenbat milioi izan diren aurten edo iaz baino gehiago izan diren. Parke Natural deklaratzean aparkalekuak egiten dira, interpretazio-zentroak, picnic-guneak, mendiko bideak zabaldu, ... Horretan gastatzen da dirua, gune horietako aurrekontuetatik kontserbazioari dagokiona % 5 ingurukoa bakarrik izanez. Zenbat bider entzun dugu kontserbazio-kezka dutenen ahotik, parke deklaratzeak (modu horretan kudeatuz) gune horien hondamena ekarri duela.

Kaletarrok norbaitek jotzen duen txilibituaren harira funtzionatzen ohituegiak gaude eta kalean inolaz onartzen ez dugun bezala portatzen gara mendian eta okerrena da inork ez digula bestela ibiltzen erakusten edo behartzen.

2016(e)ko azaroa 11, ostirala

PAGOETA NATURA PARKEKO MENDI GARBITZAILEAK

Andoni Ruiz Etxeberria ren argazkia

TALAIMENDIKO TXALETAK

Talaimendiko etxebizitzak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) HITZA


Udalak oraintsu eman dio hasierako onespena Talaimendin eraikin berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Funtsean, hauxe onetsi dena: hainbat gunetan etxebizitza bakarreko txaleten ordez, bi etxebizitzetakoak egitea; eta beste hainbatetan, etxebizitza bakarreko txaletak lauzpabost etxebizitzetako etxe-blokeekin ordezkatzea. Alegia, jatorrizko eraikigarritasun-azalera mantenduz, etxebizitza kopurua handitzea.

Talaimendiko hirigintza-plana onartu zenean eremu hori Iñurritzako Biotopotik at gelditu zen, eta orduan ere, erabaki hura gogor gaitzetsi zuen Arkamurka Natura-Elkarteak hainbat arrazoiengatik. Batetik, eremu hori Zarauzko hirigunetik at dago, eta askotan azaldu izan dugunez, gure ustez, Udalak ez luke onartu behar gaurko hiri-eremua eraiki arte hortik kanpo kokatutako hirigintza-planik; ez orduan eta ez orain. Bestetik, etxebizitzen tipologia ere salatu genuen. Arkamurkaren ikuspegitik etxebizitza bakarreko txaletak eraikitzean lurzoruaren erabilera desegokia sustatzen da. Azkenik, hiri-eredua aipatu behar da. Talaimendiko etxebizitzen planak ez zion erantzuten, denborak erakutsi digun bezala, Zarauztarren etxebizitza beharrei. Hiri-eredu horren baitan etxebizitza espekulaziorako baliabide bihurtzen da, eta Talaimendiko txaletekin gertatu denak erakusten digu ikuspegi horren zentzugabekeria.

Prozedurari dagokionez, ere, badago zer aztertua. Udalak badu izendatua Aholku Batzorde bat, hainbat sektoretako jendez osatua, haien artean Arkamurka Natura-Elkartea. Dagozkion baldintzak betez, Batzorde horren bilera eskatu genuen irailaren hasierarako Talaimendiko txaleten gaia tratatzeko. Bilera Udaleko Plenoan Plan Orokorra aldatzea onartu ondoren izan da deitua, azaroan. Udalkide inork ez du Batzorde honen bilera-eskaea kontutan eduki.

Talaimendiko txaleten hirigintza-plana astakeria zen gure ustez, eta denborak erakutsi digu arrazoia genuela. Ez dugu ulertzen udalak zergatik lagundu behar duen porrot egin zuen ekimen horretan. Gure ustez ez da Udalaren egitekoa eremu horretako etxebizitzen eraikuntza sustatzea, eta ez dugu onesten Plan Orokorra etxebizitza gehiago egiteko (etxe-blokeak medio) aldatzea.
Ondorioz, Udalari bere ekimenarekiko gure gaitzespena erakutsi diogu, eta bide batez, eraiki gabe dagoen lurzorua bere horretan uzteko eskatzen dugu.

2016(e)ko azaroa 2, asteazkena

Igandeko erakusketak bukaera paregabea eman zion Zarauzko XXXVII natura asteari

Aurten, itsasoa gaitzat hartuta, hiru hitzaldi izan dira eta horrek itsaspeko bizitzaz, paisaiaz edo egoeraz gehio ikasteko balio izan digu. Aste buruan berriz koniferoetako perretxikoiei eman zaie garrantzi haundiena, perretxikoak sailkatu ondoren merkatu plazan erakusketa bidez erakutsi zirelarik. Hitzaldietara jende multzo polita etorri da eta eztabaida interesgarriak izateko baliatu degunez hori beti aberasgarria izaten da. Aste-buruko erakusketaren formatoari dagokionez, aurrera begira, erakusketa tradizionaletik formato berri baterako bidean dijoa non gero eta garrantzi gehiago ematen zaion umeen txokoari. Ikasteko txokoa da horren adibideetako bat. 

Urtero bezala Hainbeste ekitaldiz osatutako astea osatzeak, buruhauste eta lan ugari izaten du atzetik eta horregatik Akamurkako taldekide zein laguntzaileei  mila mila esker hau guzia aurrera ateratzeko laguntza eman duzuen guziei. Aupa zuek!!!


Umeen txokoan aritu zen kuadrilak lan bikaina egin zuen egun osoan. Biba zuek!!!!












2016(e)ko urria 26, asteazkena

ARALARREKO ARTZAINTZA

Aralarreko artzaintza, eta artzaintza orokorki, azken aldian eztabaida-gai izaten ari da, itxuraz posizionamendu kontrajarriak azalduz nekazal alorreko eta kontserbazioaren aldeko jendearen artean.

ENBA aldizkarian agertu diren artikulu batzuk motiboa eman didate gauza batzuk esateko eta kontzeptu batzuk zehazteko. Ni Aralarreko artzaintzaren aldekoa izanik ere, ezin ditut esaten diren gauza batzuk besterik gabe ontzat eman artzaintzaren defentsa egiteko badira ere.

1.-Mendiko artzaintza funtsezkoa da larreak mantentzeko.

Ados, artzaintzarik ezean oraingo larreak desagertuko lirateke eta Aralar mendia basorantz abiatuko litzateke, pagadirantz, beti esan ohi den bezala, mendia zikindu egingo litzateke. Altitude hauetako landarediaren joera basorantz jotzekoa da eta giza-jarduerak ekiditzen ez badu basorantz abiatzen da. Joera horri kutsu negatiboa eman beharrik ez legoke.

2.-Balio handidun ondare naturalak dira.

Ados. Milaka urtetako ondare bat dira larre hauek eta argi dago ondare natural bat direla, ez direla ondare arkitektonikoak. Ondare horiek, ordea,  giza-jarduera batek, artzaintzak, sortutako larreak dira. Ondorioz, artzaintzaren desagertzeak berez larre horien desagerpena ekarriko luke edo gune txiki batzuetara murriztea. Larre zabal horiek aukera eman dute hainbat espezie basati (landare zein animalia) bertan bizitzeko. Aralar osoa baso bihurtuz gero, espezie horien atzerakada edo desagerpena ekarriko luke dudarik gabe, baina halere esan behar da sortuko litzatekeen egoera ere (pagadia) ondare natural izaten jarraituko lukeela (Zenbat gauza zoragarri entzun izan ditugun Nafarroako pagadiei buruz).

3.-Artzaintzaren murrizketak galera bat (dakar) dibertsitate floristikoan.

Baieztapen hau egiten dute EHUko ikerlari batzuek egindako ikerketa baten ondorioetan oinarrituz. Begirune eta errespetu osoz aintzat hartzen ditut larre-zati horietan ikerlariek egindako lanak, noski, baina oraingo larreak babesteko asmoetan dabiltzanak kontu handiz ibili beharko lukete argumentuak bereganatzekoan, ez dira argumentu okerrak erabili behar.

Ekologiako oinarrizko legeek diote ekosistema bat egoera klimazikora (Aralarreko kasuan basorantz) hurbildu ahala bere dibertsitatea handituz joaten dela. Ekosistema beteko dibertsitateaz hitz egitean ez dira bakarrik landareak kontutan hartu behar (dibertsitate floristikoa) baizik eta ingurune horretako bizidun guztiak.
Beraz, egokiago litzateke “galera” hitzaren ordez “aldaketa” erabiltzea, kutsu negatiboa kenduz.


4.-Aralar parke naturala da

Artzaintzaren aldeko defentsa sutsuak entzuten ditugu nonahi, gure ondare kultural, gastronomiko, historiko eta gure pasaia eta ingurunea babesten duen jarduera balitza moduan. Artzainen bizibidea ere aipatzen da, noski, bidezkoa denez. Ahazten da askotan, ordea, Aralarren kasuan, beste larretoki asko bezala, parke natural baten aurrean gaudela eta horrek ikuspegi berezia ematen diola gaiari.

Parke Natural baten filosofia nagusia eremu horren kontserbazioa eta naturalizazioa da. Beraz, eremu horretan egiten den giza-jarduera orok filosofia horretara makurtu beharko luke, artzaintza bera ere bai, noski. Gogoratu behar da Europatik urtero datozen dirutzak kontserbazioaren izenean datozela eta ez artzainen proiektu ekonomikorako. Beraz, kontserbazioaren mentalitatea asimilatu beharko dute beti artzainek eta laguntzak horiek kudeatzen dituzten erakundeek.

Artzaintzak kalteak ere ekarri dizkio mendiari, adibidez, deforestazioa (gehiegizkoa askotan) eta higadura hainbat lekutan. Gaur egun ingurumen horren kontserbazioaren aldeko ekintzak gauzatzean artzainek gogotsu onartu beharko dituzte hainbat muga eta arau eta jadanik hainbat onartzen dituzte . Parke natural horretan dena ez da libre artzaintzaren alde. Adibide nabarmena  ahuntzena da, nire iritziz, erabat debekaturik egon beharko bailuke ahuntzak libre edukitzea.

Gogotsu diot, kontserbazioa eta artzaintza (edo edozein nekazal jarduera) kontrajartzeko gogo handiegia sumatzen dudalako sarritan. Adibidez, ENBAkoek udazkenean sortuko den Jaurlaritzari aldez aurretik espreski eskatu diote:“ingurumen zaintzak nekazal jarduera arriskuan edo kinkan jar ez dezan”. Itxuraz ematen du Euskal Herriko nekazaritzaren gainbehera  ingurumen-zaintzak sortu duela.

Kontserbazioa eta artzaintzaren arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dabiltzanei aurreratu nahi nieke parke natural batean bietako bat aukeratu beharko balitz, kontserbazioa aukeratu beharrean izango litzatekeela gure gizartea eta, horregatik, bien arteko konponbide eta bizikidetzaren aldeko ahalegina dela nagusitu beharko den apustua.

Sindikatu berak eskatzen dio Jaurlaritza berriari: “ingurumen  politikan nekazal jarduera txertatzeko”. Nik eskatuko nuke kontserbazio edo zaintzaren irizpidea nekazal jarduera guztietan txertatzea, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera. Baina, hau esanik ere, eremu babestuen kasuan (parke naturalak, KBE (ZEC), biotopo, eta abar) kontserbazioaren menpe daude beste giza-jarduera guztiak, nekazaritza barne. Eremu babestuetan kontserbazioarekin bateragarriak diren jarduerak bakarrik baimendu behar dira, tradizio handikoak izan edo sortu-berriak.

Artzaintzan aldaketa handiak  ikusi ditugu gure gazte garaitik hona, adibidez, artzaina bere artaldearekin batera bizi zen garaitik, egunero herrira etortzen den gaurko egoerara. Horretarako hainbat erraztasun jarri zaizkie artzainei, sarritan gehiegizko pista-sarea sortuz edo pista horien erabilera okerrak ugalduz. (Orain ere bada hautsak harrotu dituen beste pista zabal bat egiteko proiektua). Artzainen txabolak ere hobetu dira, beharra bazutenez, baina tertziarizazio-arriskua ere azaldu da. Gaztagintza jada ez da mendian egiten, gehiena instalazio egokietan egiten da beheko bailaretan. Hori dena ondo iruditzen zait behar den bijilantzia egiten bada eta abusuak ekiditzen badira.

Aralarreko larreak, hango artaldeak eta hango paisaiak estimatu eta irautearen alde gauden beraiek ikusten ditugu nola kontserbazio eta naturalizazioaren aldeko ekintzak begi txarrez ikusten dituzten. Planteamendu okerra dutela uste dut, bi ikuspegiak bat egitetik letorke etorkizuna.


Noski, badira gai polemikoak eta hitz eginez konpondu beharko direnak, baina kontserbazioaren aldeko proposamenei ezin zaie printzipioz ezezko biribil batekin erantzun parke natural batean, Aralarreko kasuan bezala. Gai polemiko batzuk aipatzekotan: putreak, ahuntzak, pistak, otsoa, ...

Otsoa aipatu dut ENBAk  gai hori ere aipatu diolako etorkizuneko Jaurlaritzari. Euskaldunok nahi edo ez, otsoa badator gure lurraldeetara, baita Aralarrera ere.  Ailegatzen denean, parke natural bat denez,  ardiak eta otsoa elkarrekin bizitzeko neurriak hartu beharko dituzte artzainek, oraingo ohitura asko aldatuz, adibidez, berriro artzaina eta ardiak elkarrekin bizi beharra mendian, edo artaldeak gauean bildu eta zaindu beharra. Horrek, beste gauza batzuekin batera, kostu berriak sortuko ditu, laguntzak ere handitu beharko litzaizkieke inguru horietako artzainei eta herritarrak ere prest egon beharko dugu gastu horiek asumitzeko, gure zergetan edo hango artzainek sortutako gazta erosterakoan. Administrazioak ez dakit ezer egiten ari den gai honen inguruan, baina sindikatuek ez daude lo, diote hitzez hitz: “otsoa arriskuan dauden espezien zerrendan ez sartzeko konpromezua” eskatu diote aurrez  datorren irailean aukeratuko den Jaurlaritzari, alegia, bestela esanda, Bizkaian iaz bezala, agertzen den otso oro hiltzeko.

Bide okerra deritzot jarrera horri. Bateragarritasuna bilatu behar da ustiapena, jasangarritasuna eta kontserbazioaren artean. Sarri esaten bezala, lurra maileguan jaso dugun ondarea da eta urte luzez mantentzeko obligazioa dugu.

Martxel Aizpurua



Oharra: Idatzi hau bidali da ENBA Sindikatura, Enirio-Aralarko Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru-Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Sailera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako Kontseilatzara.



2016(e)ko urria 6, osteguna

XXXVII NATURA ASTEA, URRIAK 24-30, ZARAUTZ


ITSASOA GAITZAT HARTUTA HONAKO HITZALDIAK IZANGO DIRA

Hitzaldi guztiak 20;15ean izango dira Arkamurka natura elkarteko egoitzan. 

Eguna: Urriak 24, astelehena, 20:15an.
Izenburua“Costumbres de nuestros peces entre Moilarri y San Antón”
Hizlaria: Raul Castro Uranga, Biólogo Marino del área de Gestión ambiental de mares y costas en AZTI.

Eguna: Urriak 25, asteartea, 20:15an.
Izenburua: "La vida submarina y los objetivos para el desarrollo sostenible. Un pacto Mundial"
Hizlaria: Alberto Santolaria. Doctor en Biología marina.

Eguna: Urriak 26, asteazkena, 20:15an.
Izenburua: Onddoen mundua: biologia eta gizakiarekin erlazioa
Hizlaria: Juanma Lasa. Biologia Irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko partaidea.


Eguna: Urriak 27, osteguna, 20:15an
Izenburua: Kostaldeko itsas azpiko paisaia
Hizlaria: Ibon Galparsoro. Itsas Zientzietan Doktorea AZTIko Ikerketa Sailean.

PERRETXIKO-SAILKATZEA

Eguna: Urriak 29, larunbata. 
Arkamurka natura elkarteko eta Aranzadi elkarteko partaideen laguntzaz berdura plazan.

PERRETXIKO-ERAKUSKETA

Eguna: Urriak 30, igandea.
Lekua: Merkatu plazako beheko solairuan. 
Aurten koniferoetako perretxikoei eskeinia izango da. Horren harira hamar kartel berri egingo dira non bertako zein kanpoko koniferoak izango diren ikusgai. Gainera kartel bakoitzaren parean pinu edo izei bakoitzaren hosto (orratzak), pinuburu, adar eta abar jarriko dira.

2016(e)ko iraila 26, astelehena

HITZALDIA: AZORE UHARTEAK

Aitor Leiza Zumaiar natura zaleak Azore uharteetara eginiko bidalian ikusi eta bizitako esperientziaren berri emango digu datorren astearte (2016-09-27) honetan, bere nahia bertan ikusitako animalia espezie, paisai edota landareak gugana gerturatzea izango da. Hitzaldia, arratsaldeko 20:15etan Arkamurkako lokalean (Santa Marina kalea 2) izango da. Behekaldean dituzue hitzaldian ikusiko diren irudietako batzuk.





2016(e)ko iraila 11, igandea

Hegaztien pasea behatuz Organbidexkara eginiko irteera (2016-08-28)

Organbidexkara joateko denera 7 lagun elkartu ginen (horietako bi Sanguesako lagunak). Zarauztik goizeko 7:30tan abiatu ondoren, 10:30tan iritsi ginen Organbidexkara. Egunaren zati haundi bat euripean pasa genuen eta Organbidexka bera ere laino artean zegoen. Panorama hau ikusita, Organbidexkan hamaiketakoa egin ondoren Larraineko mendatera joateko erabaki genuen, eta bai ondo asmatu ere zeren Larrainera joanda lainoa behean uztea lortu genuen. Baina ala ere harrapariek lainoaren gainetik argiago zegoenik ez zuten jakingo eta agian horregatik ariko ziren ale gutxiago pasatzen bertatik ere. Hau horrela ikusita Arbaiun eta Irunberrira joatea erabaki genuen, azkenerako hegazti zerrenda polita osatu genuelarik. Beste hegazti askoren artean, hegazti batzuk Larraineko mendatean ikusi genituen; Zuhaitz belatza,liztorjaleak kasu… , bidean berriz Ugatza edo Arrano sugejalea…, Arbaiunen, Malkar sorbeltzak, belatxingak…, eta Irunberrin Arrano txikia edo Sai zuria…. Hego isurialdean eguzkitsu zegoen eguna eta lagun arte giro onean pasa genuen eguna.

Larraine mendate gainean Ori mendia atzean dela

 Beheko argazkian ikusten den bezala, Organbidexkan (Iratiko txaletak) laino azpian geunden. Argazkia Larraine mendatetik aterata dago

Larrau erderaz eta Larraine euskaraz.


Ekialdeko mendilerroari jarraituz ibili ginen. Ezkerrean, Ori mendia dago.

Zuhaitz belatza oso urruti geratu zen.

Ez ohiko argazkiak dira hauek zeren normalean behetik gora ateratako argazkiak izaten dira. Beheko irudikoa Zapelatz listorjale bat da

Miru gorria, buztana bi puntekin duelarik.

Ugatzak, buztana sai zurien antzera izaten duen arren (puntan bukatzen da) dexente handiagoa da

Arbaiuneko zintzurrak oso handiak dira eta hainbat harraparientzako bizilekua bihurtu dira.

Argazki txarrak izan arren ezkerreko Arrano txikiak buztana karratua du, eta sai zuriak berriz buztana puntan bukatzen zaiolarik, Zikoinen (Amia moko) koloreak ere badituzte biek.

Belatz gorria ura edatera jaitsi zela dirudi.

Irunberriko zintzur eder honetan, sai arreak ziren nagusi.  

Buztangorri iluna

Sai arreak arratsalde partean labarretara lotara jaisten dira. 

Irunberriko zintzurrean Sai arre batek bi plastiko handi zituen hegaletan T30 jartzen zutena. Plastikoen kolorea horia eta letra beltzak zituen. Arratsaldeko 18:30inguruan ikusi genuen

Landareaz asko hitz egin genezake, baina gure artean ez ginen gogoratzen landare honen izenaz eta egia esan argazkiekin bakarrik zer motatakoa den jakitea zaila da.
 Euphrasia sp. motako landareak 9 mota ezberdin daude Euskal herrian

Carduncellus mitissimus Zumaian ateratzen den arren 1585 metrotara ere ikusi genuen.

Merendera montana (eskari lorea). Landare hau loratzen denean artzainak “merienda” jateko denbora gutxiago geratzen zaienarekin lotzen dute zeren arratsaldeak asko mozten diren garaian irtetzen  dira, horregatik gazteleraz “quitameriendas” deitzen zaie. 

Egunean zehar osatutako hegazti zerrenda doakizue ondoren;

Arrano sugejalea Aguila culebrera
Arrano txikia Aguila calzada
Zuhaitz belatza Alcotán
Belatz handia Halcón peregrino
Belatz gorria Cernicalo vulgar
Zapelatz listorjalea Halcón abejero
Miru gorria Milano real
Sai arrea Buitre leonado
Sai zuria Alimoche
Ugatza Quebrantahuesos
Eskinosoa Arrendajo
Belatxinga Grajilla
Belatxinga moko gorria Chova piquirroja
Belea Corneja negra
Erroia Cuervo
Enara arrunta Golondrina común
Haitz enara Avión roquero
Enara azpizuria Avión común
Sorbeltza Vencejo común
Malkar sorbeltza Vencejo real
Buztanikara horia Lavandera cascadeña
Mendi txirta Bisbita alpina
Ur zozoa Mirlo acuático
Txirriskil arrunta Verdecillo
Karnaba Jilguero
Buztangorri iluna Colirrojo tizón
Buztanzuri arrunta Collalba gris
Txolarre arrunta Gorrión común
Pitxartxar arrunta Tarabilla común
Haitz usoa Paloma bravía
Txoka Pardillo común

Belatxinga moko horia, Chova piquigualda (ez genuen konfirmatzerik izan, baina Ori mendiaren inguruan hauen tankera zuten talde handi bat ikusi genuen eta normalean espezie hau izaten da han ibili zalea eta horregatik pentsatsen degu espezie hau izatea)

Aitor Leizak osatutako kronika.