2016(e)ko azaroa 28, astelehena

ZUHAITZ MOTZAK-Bizimodu baten ahotsak bideoaren emanaldia


Lekua; Arkamurka natura elkarteko egoitzan. Zarautz (santa Marina 2-2)
Eguna: Azaroak 29, asteartea, 20:15an.
IzenburuaZUHAITZ MOTZAK-Bizimodu baten ahotsak

Bideo emanaldiaren ondoren, gaur egungo basoen egoera edota basoen ustiaketaren inguruan hitz egiteko denbora egongo da. 

Moarratzearen teknika denboran galtzen da. Brontze Aroko aztarnak aurkitu baitira Europan. Tamalez galtzen ari den kultur ondasun hori jaso eta Euskal Herrian ia bere bizitza osoan zehar jarduera zail eta gogor hartan aritu ziren pertsonei omenaldia egitea du bideo honek helburu.

2016(e)ko azaroa 15, asteartea

Aralar: Kaletarren aisialdia ez da gakoa



Andoni Egañak igandeko bere idatzian kaletarren larrutik hitz egin du eta une batean honela dio: “Lana ardatz duena hobetsi aisiarterako behar dugunon artean”. Esaldi horretan lana eta aisialdia jartzen dira aurrez aurre. Ez da hori niretzat planteamendu egokia Parke Natural bati buruz ari garenean, kontserbazioa jarri beharko litzateke lana eta aisialdiaren aurretik.

Parke Natural baten gainean gozatzen dut, nahiz eta bertara ez joan, jakiten dudanean animaliak, landareak, perretxikoak, errekak, akuiferoak, eta abar ondo zainduta daudela, aske eta ez uxatuak, edo lerden eta hedakor. Pozten naiz bertako giza jarduerak naturarekiko errespetuz gertatzen direla jakitean. Tristetzen naiz ehiza, perretxiko-bilketa edo ahuntzak baimentzen direla jakiten dudanean edo artzain profesionalen aitzakiarekin auto-kopurua handitzen ari direla jakitean.

Administrazioa, aldiz, parke horiek zenbat pertsonek bisitatzen dituzten kezkatzen du, zenbat milioi izan diren aurten edo iaz baino gehiago izan diren. Parke Natural deklaratzean aparkalekuak egiten dira, interpretazio-zentroak, picnic-guneak, mendiko bideak zabaldu, ... Horretan gastatzen da dirua, gune horietako aurrekontuetatik kontserbazioari dagokiona % 5 ingurukoa bakarrik izanez. Zenbat bider entzun dugu kontserbazio-kezka dutenen ahotik, parke deklaratzeak (modu horretan kudeatuz) gune horien hondamena ekarri duela.

Kaletarrok norbaitek jotzen duen txilibituaren harira funtzionatzen ohituegiak gaude eta kalean inolaz onartzen ez dugun bezala portatzen gara mendian eta okerrena da inork ez digula bestela ibiltzen erakusten edo behartzen.

2016(e)ko azaroa 11, ostirala

PAGOETA NATURA PARKEKO MENDI GARBITZAILEAK

Andoni Ruiz Etxeberria ren argazkia

TALAIMENDIKO TXALETAK

Talaimendiko etxebizitzak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) HITZA


Udalak oraintsu eman dio hasierako onespena Talaimendin eraikin berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Funtsean, hauxe onetsi dena: hainbat gunetan etxebizitza bakarreko txaleten ordez, bi etxebizitzetakoak egitea; eta beste hainbatetan, etxebizitza bakarreko txaletak lauzpabost etxebizitzetako etxe-blokeekin ordezkatzea. Alegia, jatorrizko eraikigarritasun-azalera mantenduz, etxebizitza kopurua handitzea.

Talaimendiko hirigintza-plana onartu zenean eremu hori Iñurritzako Biotopotik at gelditu zen, eta orduan ere, erabaki hura gogor gaitzetsi zuen Arkamurka Natura-Elkarteak hainbat arrazoiengatik. Batetik, eremu hori Zarauzko hirigunetik at dago, eta askotan azaldu izan dugunez, gure ustez, Udalak ez luke onartu behar gaurko hiri-eremua eraiki arte hortik kanpo kokatutako hirigintza-planik; ez orduan eta ez orain. Bestetik, etxebizitzen tipologia ere salatu genuen. Arkamurkaren ikuspegitik etxebizitza bakarreko txaletak eraikitzean lurzoruaren erabilera desegokia sustatzen da. Azkenik, hiri-eredua aipatu behar da. Talaimendiko etxebizitzen planak ez zion erantzuten, denborak erakutsi digun bezala, Zarauztarren etxebizitza beharrei. Hiri-eredu horren baitan etxebizitza espekulaziorako baliabide bihurtzen da, eta Talaimendiko txaletekin gertatu denak erakusten digu ikuspegi horren zentzugabekeria.

Prozedurari dagokionez, ere, badago zer aztertua. Udalak badu izendatua Aholku Batzorde bat, hainbat sektoretako jendez osatua, haien artean Arkamurka Natura-Elkartea. Dagozkion baldintzak betez, Batzorde horren bilera eskatu genuen irailaren hasierarako Talaimendiko txaleten gaia tratatzeko. Bilera Udaleko Plenoan Plan Orokorra aldatzea onartu ondoren izan da deitua, azaroan. Udalkide inork ez du Batzorde honen bilera-eskaea kontutan eduki.

Talaimendiko txaleten hirigintza-plana astakeria zen gure ustez, eta denborak erakutsi digu arrazoia genuela. Ez dugu ulertzen udalak zergatik lagundu behar duen porrot egin zuen ekimen horretan. Gure ustez ez da Udalaren egitekoa eremu horretako etxebizitzen eraikuntza sustatzea, eta ez dugu onesten Plan Orokorra etxebizitza gehiago egiteko (etxe-blokeak medio) aldatzea.
Ondorioz, Udalari bere ekimenarekiko gure gaitzespena erakutsi diogu, eta bide batez, eraiki gabe dagoen lurzorua bere horretan uzteko eskatzen dugu.

2016(e)ko azaroa 2, asteazkena

Igandeko erakusketak bukaera paregabea eman zion Zarauzko XXXVII natura asteari

Aurten, itsasoa gaitzat hartuta, hiru hitzaldi izan dira eta horrek itsaspeko bizitzaz, paisaiaz edo egoeraz gehio ikasteko balio izan digu. Aste buruan berriz koniferoetako perretxikoiei eman zaie garrantzi haundiena, perretxikoak sailkatu ondoren merkatu plazan erakusketa bidez erakutsi zirelarik. Hitzaldietara jende multzo polita etorri da eta eztabaida interesgarriak izateko baliatu degunez hori beti aberasgarria izaten da. Aste-buruko erakusketaren formatoari dagokionez, aurrera begira, erakusketa tradizionaletik formato berri baterako bidean dijoa non gero eta garrantzi gehiago ematen zaion umeen txokoari. Ikasteko txokoa da horren adibideetako bat. 

Urtero bezala Hainbeste ekitaldiz osatutako astea osatzeak, buruhauste eta lan ugari izaten du atzetik eta horregatik Akamurkako taldekide zein laguntzaileei  mila mila esker hau guzia aurrera ateratzeko laguntza eman duzuen guziei. Aupa zuek!!!


Umeen txokoan aritu zen kuadrilak lan bikaina egin zuen egun osoan. Biba zuek!!!!