2016(e)ko azaroa 15, asteartea

Aralar: Kaletarren aisialdia ez da gakoa



Andoni Egañak igandeko bere idatzian kaletarren larrutik hitz egin du eta une batean honela dio: “Lana ardatz duena hobetsi aisiarterako behar dugunon artean”. Esaldi horretan lana eta aisialdia jartzen dira aurrez aurre. Ez da hori niretzat planteamendu egokia Parke Natural bati buruz ari garenean, kontserbazioa jarri beharko litzateke lana eta aisialdiaren aurretik.

Parke Natural baten gainean gozatzen dut, nahiz eta bertara ez joan, jakiten dudanean animaliak, landareak, perretxikoak, errekak, akuiferoak, eta abar ondo zainduta daudela, aske eta ez uxatuak, edo lerden eta hedakor. Pozten naiz bertako giza jarduerak naturarekiko errespetuz gertatzen direla jakitean. Tristetzen naiz ehiza, perretxiko-bilketa edo ahuntzak baimentzen direla jakiten dudanean edo artzain profesionalen aitzakiarekin auto-kopurua handitzen ari direla jakitean.

Administrazioa, aldiz, parke horiek zenbat pertsonek bisitatzen dituzten kezkatzen du, zenbat milioi izan diren aurten edo iaz baino gehiago izan diren. Parke Natural deklaratzean aparkalekuak egiten dira, interpretazio-zentroak, picnic-guneak, mendiko bideak zabaldu, ... Horretan gastatzen da dirua, gune horietako aurrekontuetatik kontserbazioari dagokiona % 5 ingurukoa bakarrik izanez. Zenbat bider entzun dugu kontserbazio-kezka dutenen ahotik, parke deklaratzeak (modu horretan kudeatuz) gune horien hondamena ekarri duela.

Kaletarrok norbaitek jotzen duen txilibituaren harira funtzionatzen ohituegiak gaude eta kalean inolaz onartzen ez dugun bezala portatzen gara mendian eta okerrena da inork ez digula bestela ibiltzen erakusten edo behartzen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.