2016(e)ko abendua 20, asteartea

Aralarko pista 'berria'-k




Izan ere, une honetan egiten ari diren pista ez da Aralarko pista bakarra, baizik eta lehendik zeudenei gehitu nahi zaiena: zehazki, Aralarko bihotzean den Saltarriko abere itxiturara iristeko, bost txaboletatik pasaz, 4,4 km luzerako eta 3,5 metro zabalerako pista egitea aurreikusten da, 96 metrotan, batez beste, 5 metroko altuera izango duen harri lubetarekin. Enirio-Aralar mankomunitatearen aginduz egina dago dagoeneko Goroskintxuraino iristen den zatia, nahiz eta obra-proiektuaren informaziorik ez duten zabaldu lanak hasi eta hamabost egun pasa arte.

Gaia ez da berria. Enirio-Aralar Mankomunitateak 2003an onartutako plangintzan jasota dago Goroskintxutik gora pistak egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkeela, eta egun gauzatzen ari diren proiektuak ez du azaltzen ondorio horretara iristeko arrazoiak zertan aldatu diren. Hala ere, egiten ari direnaz gain, Enirio-Aralar mankomunitateak 2017rako eta hurrengo urteetarako pista gehiago egitea onartu du, txabola guztietara iritsi arte.



Artzaintza da Aralarren pista berriak egiteko beharra justifikatzen dutenen argudio nagusia. Azken hilabetean artzain profesionalak entzun eta irakurri ditugu hedabideetan euren lanbiderako erraztasunak, alegia, mendian ibilgailuz ibiltzeko aukerak eskatzen. Halaber, Tolomendi landa garapen agentziako Iker Karrera teknikariak emandako elkarrizketan (Tolosaldeko atarian) hitzez hitz dio: «[...] Aralar posible egiteko abeltzaintza beharrezkoa baldin bada, [...] bideak ezinbestean onartu beharrekotzat hartu behar dira. Bideen aurkako jarrerak automatikoki esan nahi du abeltzaintzaren aurkako jarrera dagoela, ez baitira biak posible». Ez da egia. Batetik, artzaintzak eta abeltzaintzak, berdin nekazaritzak, bizi duten gainbehera mendiko lanaren zailtasunei egoztea gezurretan aritzea delako; eta bestetik, natur balioen etengabeko galerarik gabeko abeltzaintza posible ez ezik, beharrezkoa delako etorkizun jasangarria irudikatu nahi badugu.
Aralar parke naturala da, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua, eta Foru Aldundia da kudeaketaren arduraduna baita Enirio-Aralarko mankomunitatearen lurretan ere. Foru Aldundiari dagokio bertako ondare naturala kontserbatu, zaindu edota berreskuratzea. Harrigarria ez ezik, benetan salatzekoa da erakunde honek auzi honetan erakutsi duen jarrera. Prozedurari dagokionez, lotsagarria da tamainako ingurumen-eragina daukan proiektuaren informazioa ezkutatzeko egindako ahalegina, eta benetan kezkatzekoa proiektua halako gabeziekin baimendu izana: ez da azterketa geoteknikorik egin (nahiz eta pista egingo den eremua karstikoa izan eta leize, galeria edo kobaren batekin topo egiteko aukeraz gain, akuiferoetan eragiteko arriskua egon), aztarnategi arkeologikoak oso modu interesatuan hartu dira kontuan eta aztarnategi paleontologikoei buruzko txostena falta da, lurzoruan eragingo den higadura ez da aintzat hartu, Europar Batasunak babestutako espezie eta habitatak dauden lekuetatik pasako da, ikaragarrizko inpaktua izango du paisaian, (Aralar paisai mota hauskorra bezala dago katalogatuta EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan, eta ondorioz, pisten inpaktua absorbitzeko ahalmenik ez duela ulertzen da) etab. Laburtuz, proiektuari onarpena emateko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua baliatu da, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (1994) arabera zorrotzagoa den Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa beharko lukeenean. Ondorioz, pisten proiektu honentzat ez da alternatibarik proposatu.

Bestalde, larria bada aldundiak natur ondarearen defentsan erakutsi duen arduragabekeria, are larriagoa da pistaren alde dauden gainerako interesatuekin auzia behar ez den lekuan kokatzeko baliatzen ari den estrategia. Pisten proiektuaren interes kontrajarriak ekologisten eta artzainen kontrako eztabaidara mugatzea da estrategia horren helburua, auzia mendia aisialdirako baliatu nahi dugun kaletar ezjakinen eta artzain sakrifikatuen interesen arteko lehian irudikatzeko. Natur ondarearen kontserbazioa desio dugunon eta naturaren ustiapenetik bizi direnen arteko dikotomia bilatzen da: kalea/baserria, lana/aisialdia, kaletarren ezjakintasuna/abeltzainen beharrak. Aldundiaren estrategiak herritarrak aurrez aurre jartzera behartzen gaitu, egoera erabat desatseginak biziaraziz. Auzi hau natur ondarearen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko lehian kokatu behar da, eta Foru Aldundiak berebiziko ardura du kontu honetan, bere egitekoa baita Aralarko ondare naturala zaintzea.
Aralar antzinatik baliatu dugu artzaintzarako, eta uka ezina da bertako landaredia horren ondorioa dela. Hain maitea eta gurea sentitzen dugun Aralarko paisaia erabat aldatuko litzateke bertatik ardiak eta bestelako aziendak kenduko bagenitu. Baina, hori ez dago zertan interpretatu bioaniztasunaren galera bezala, aitzitik, pixkanaka-pixkanaka basoranzko bidea hartuko luke gaur gailentzen ez diren landareei esker. Gaur-gaurkoz, ez da hau natur kontserbazioniston eta ekologiston nahia. Maite ditugu Aralarko paisaia zein bertatik bizimodua ateratzen duten artzainak, eta zer esanik ez haiek egiten duten gazta. Natur balioen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka defendatzen dugu, eta horregatik eskatzen diogu Foru Aldundiari dagozkion ardurak bete ditzala eta geldi dezala berehala proiektu hau.

Aitziber Sarobe Egiguren 

Udalak eta Arkamurkak hitzarmena sinatu dute Vista Alegreko parkea mantentzeko

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta Jon Zulaika Arkamurkako kidea . (A. Ventas Aldabaldetreku) 
Hainbat espezie inbaditzaile kenduko dituzte artelatz berriak landatzeko, eta alor didaktikoa ere landuko dute, bidexka sarean panelak jarrita.
Hitzarmen horren helburua da Vista Alegreko parkearen zaindu eta mantentzea. Eta bereziki, bertan aurkitzen den artelatz basoa babestu eta zabaltzea. "Ingurumen zinegotzi gisa, nire ardura nagusia da Zarauzko natura eta biodibertsitatea zaintzea zein babestea. Zarautzen baditugu altxor naturalak: biotopoa eta Garate-Santa Barbarako Zaintza Bereziko Gunea. Natura 2000 sarean dago sartuta alde hori. Bertan dagoen artelatz basoa babestuta dago, bere balio naturalagatik, eta Zaintza Bereziko Gunearen barruan aurkitzen da Vista Alegreko parkea ere", jakinarazi du Gloria Vazquezek. 
Haren arabera, parke horren biodibertsitatea "oso garrantzitsua" da, 2000 sarearen barruan dagoelako, eta aldi berean, balio gehigarri bat duelako; izan ere, herritik oso gertu aurkitzen da. Era berean, eraztun berde-urdinaren barruan sartzen da. Hain zuzen, berezitasun hori babesteko eta zaintzeko sinatu dute hitzarmena Ingurumen sailak eta Arkamurkak.
Natur taldea arduratuko da gune horren zaintzaz, Ingurumen sailarekin koordinatuta. Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte onartu zuen zonalde horren zaintzaren inguruko plana eta diru-laguntza bat eman zion natur taldeari. Hori baliatuz, hainbat esku hartze egingo ditu Arkamurkak.
Izan ere, Arkamurkak bazuen kezka bat: "Iñurritza eta Pagoetako Natur Parkearen plangintzak aurrera zihoazen bezala, ikusi genuen Zarautzen dugun hirugarren naturgune babestuarena, Garate-Santa Barbarako 200 hektarea inguruko zonaldeari dagokiona, ez zela martxan jarri". Udalaren jabetzako gunea izanik, plan proposamena egin zion erakundeari. "Jakinik Vista Alegrekoa parkea dela eta hala izaten jarraituko duela, jendearen aisialdirako izaten segituko du. Baina, aldi berean, beste hainbat irizpide gehituko dizkiogu artelatz basoaren kontserbazioa bermatzeko", azaldu du natur taldeko kide Jon Zulaikak.

Alor didaktikoa landu

Batetik, artelatzaren presentzia ugarituko dute. "40 artelatzetatik gora daude Vista Alegreko parkean. Baina, era berean, hainbat espezie exotiko ere badaude, bere garaian horko kondeak ekarrita. Nahasketa oso kuriosoa dugu parkean, beraz", dio Zulaikak.
Artelatz berriei lekua egiteko, ordea, bertakoak ez diren landare inbaditzaile batzuk kendu beharko dituzte, besteak beste, crocosmia, banbua eta trachycarpus-a. Beste batzuk mantendu egingo dituzte, ez direlako "inbaditzaile petoak", sekuoiak, tuliparbolak eta liquidambar-ak, esaterako. "Ikusgarriak dira, parkearei izaera exotikoa ematen diote eta ez dute aparteko arazorik sortzen". Oreka bat bilatzen saiatuko dira, hala.
Kentzen dituzten espeziekin, berriz, biodibertsitatearekin lotutako beste hainbat elementu garatuko ditu Arkamurkak, "hildako egurraren elementua", kasu. "Askori arraroa egingo zaie zuhaitz bat kendu eta bertan ustetzen uztea. Ez da zabarkeria; hori basoak mantentzeko prozesu bat da. Horrekin lotuta daude prozesu natural ugari, naturaltasuna mantendu nahi den baso hauetan mantendu beharrekoa".
Hori eta beste hainbat kontzeptutan sakontzeko, alor didaktikoa ere landuko dute, "jendeak bertatik bertara ikas dezan zer den baso natural bat, zein prozesu ematen diren baso naturaletan, zergatik artelatza hemen...". Horretarako, bertako ibilbide sarean zehar hainbat panel jartzeko asmoa dute. Horri lotuta, ekitaldi ugari ere antolatuko dituzte, Zuhaitz Eguna eta abar. Udaberrirako panelak jarrita egongo direla aurreikusi du.

Bilera, gabonen aurretik

Auzokoekin ere elkarlanean ariko direla jakinarazi du Vazquezek. Vista Alegreko bizilagun eta Torreoia bizirik taldearekin dagoeneko egin dute bilera bat hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko eta euren ekarpenak jasotzeko. "Ekitaldi ugari antolatzen dituzte parkean eta Prozesu parte-hartzaile hori herritar guztiei irekita dagoela adierazi du, eta gabonen aurretik beste bilera bat egiteko asmoa dutela zarauztar guztiekin, "parkea eta Torreoia bera altxorra delako herritar guztientzat". Horregatik, udala, Arkamurka eta zarauztarren arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela dio Ingurumen zinegotziak.

Zarauzko Hitza

PAGOETA MENDIZALE ELKARTEAREKIN BATERA PUNTA LUCERORA EGIN GENUEN IRTEERA

Urtero egin izan ohi den bezala, Pagoeta mendizale elkartearekin batera Arkamurka natura taldekoak mendi irteera bat antolatu genuen elkarrekin. Aurten aukeratutako ingurua Punta lucero izan da. Bertako landareria ezagutzeko zein bertako bitxikeriak kontatzeko bidaide ederrak aukeratu genituen, Sestaoko botanika sailetik Javier Valencia, Javier Elorza, Begoña Zorrakin eta Eduardo de Miguel etorri ziren gurekin. Arkamurkako hizlarien artean berriz honako hauek izan ziren; Martxel Aizpurua, Juantxo Unzueta, Nagore Zaldua eta Aitor Leiza. 
Irteerari buruzko kronika zabalagoa aurkutuko duzue hemen klikatuta;
Behekalden duzue ibilbidean zehar ateratako argazki sorta bat.
Hemendik eskerrak eman nahi genizkieke honelako egun eder bat hain ondo osatzen lagundu zeniguzuen denoi

 Q. humilis = Q. pubescens

Bola gorriak dituena, Pistacea lentiscus  da eta Gipuzkoako kostan ez dagoena