2016(e)ko abendua 20, asteartea

Aralarko pista 'berria'-k




Izan ere, une honetan egiten ari diren pista ez da Aralarko pista bakarra, baizik eta lehendik zeudenei gehitu nahi zaiena: zehazki, Aralarko bihotzean den Saltarriko abere itxiturara iristeko, bost txaboletatik pasaz, 4,4 km luzerako eta 3,5 metro zabalerako pista egitea aurreikusten da, 96 metrotan, batez beste, 5 metroko altuera izango duen harri lubetarekin. Enirio-Aralar mankomunitatearen aginduz egina dago dagoeneko Goroskintxuraino iristen den zatia, nahiz eta obra-proiektuaren informaziorik ez duten zabaldu lanak hasi eta hamabost egun pasa arte.

Gaia ez da berria. Enirio-Aralar Mankomunitateak 2003an onartutako plangintzan jasota dago Goroskintxutik gora pistak egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkeela, eta egun gauzatzen ari diren proiektuak ez du azaltzen ondorio horretara iristeko arrazoiak zertan aldatu diren. Hala ere, egiten ari direnaz gain, Enirio-Aralar mankomunitateak 2017rako eta hurrengo urteetarako pista gehiago egitea onartu du, txabola guztietara iritsi arte.



Artzaintza da Aralarren pista berriak egiteko beharra justifikatzen dutenen argudio nagusia. Azken hilabetean artzain profesionalak entzun eta irakurri ditugu hedabideetan euren lanbiderako erraztasunak, alegia, mendian ibilgailuz ibiltzeko aukerak eskatzen. Halaber, Tolomendi landa garapen agentziako Iker Karrera teknikariak emandako elkarrizketan (Tolosaldeko atarian) hitzez hitz dio: «[...] Aralar posible egiteko abeltzaintza beharrezkoa baldin bada, [...] bideak ezinbestean onartu beharrekotzat hartu behar dira. Bideen aurkako jarrerak automatikoki esan nahi du abeltzaintzaren aurkako jarrera dagoela, ez baitira biak posible». Ez da egia. Batetik, artzaintzak eta abeltzaintzak, berdin nekazaritzak, bizi duten gainbehera mendiko lanaren zailtasunei egoztea gezurretan aritzea delako; eta bestetik, natur balioen etengabeko galerarik gabeko abeltzaintza posible ez ezik, beharrezkoa delako etorkizun jasangarria irudikatu nahi badugu.
Aralar parke naturala da, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua, eta Foru Aldundia da kudeaketaren arduraduna baita Enirio-Aralarko mankomunitatearen lurretan ere. Foru Aldundiari dagokio bertako ondare naturala kontserbatu, zaindu edota berreskuratzea. Harrigarria ez ezik, benetan salatzekoa da erakunde honek auzi honetan erakutsi duen jarrera. Prozedurari dagokionez, lotsagarria da tamainako ingurumen-eragina daukan proiektuaren informazioa ezkutatzeko egindako ahalegina, eta benetan kezkatzekoa proiektua halako gabeziekin baimendu izana: ez da azterketa geoteknikorik egin (nahiz eta pista egingo den eremua karstikoa izan eta leize, galeria edo kobaren batekin topo egiteko aukeraz gain, akuiferoetan eragiteko arriskua egon), aztarnategi arkeologikoak oso modu interesatuan hartu dira kontuan eta aztarnategi paleontologikoei buruzko txostena falta da, lurzoruan eragingo den higadura ez da aintzat hartu, Europar Batasunak babestutako espezie eta habitatak dauden lekuetatik pasako da, ikaragarrizko inpaktua izango du paisaian, (Aralar paisai mota hauskorra bezala dago katalogatuta EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan, eta ondorioz, pisten inpaktua absorbitzeko ahalmenik ez duela ulertzen da) etab. Laburtuz, proiektuari onarpena emateko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua baliatu da, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (1994) arabera zorrotzagoa den Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa beharko lukeenean. Ondorioz, pisten proiektu honentzat ez da alternatibarik proposatu.

Bestalde, larria bada aldundiak natur ondarearen defentsan erakutsi duen arduragabekeria, are larriagoa da pistaren alde dauden gainerako interesatuekin auzia behar ez den lekuan kokatzeko baliatzen ari den estrategia. Pisten proiektuaren interes kontrajarriak ekologisten eta artzainen kontrako eztabaidara mugatzea da estrategia horren helburua, auzia mendia aisialdirako baliatu nahi dugun kaletar ezjakinen eta artzain sakrifikatuen interesen arteko lehian irudikatzeko. Natur ondarearen kontserbazioa desio dugunon eta naturaren ustiapenetik bizi direnen arteko dikotomia bilatzen da: kalea/baserria, lana/aisialdia, kaletarren ezjakintasuna/abeltzainen beharrak. Aldundiaren estrategiak herritarrak aurrez aurre jartzera behartzen gaitu, egoera erabat desatseginak biziaraziz. Auzi hau natur ondarearen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko lehian kokatu behar da, eta Foru Aldundiak berebiziko ardura du kontu honetan, bere egitekoa baita Aralarko ondare naturala zaintzea.
Aralar antzinatik baliatu dugu artzaintzarako, eta uka ezina da bertako landaredia horren ondorioa dela. Hain maitea eta gurea sentitzen dugun Aralarko paisaia erabat aldatuko litzateke bertatik ardiak eta bestelako aziendak kenduko bagenitu. Baina, hori ez dago zertan interpretatu bioaniztasunaren galera bezala, aitzitik, pixkanaka-pixkanaka basoranzko bidea hartuko luke gaur gailentzen ez diren landareei esker. Gaur-gaurkoz, ez da hau natur kontserbazioniston eta ekologiston nahia. Maite ditugu Aralarko paisaia zein bertatik bizimodua ateratzen duten artzainak, eta zer esanik ez haiek egiten duten gazta. Natur balioen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka defendatzen dugu, eta horregatik eskatzen diogu Foru Aldundiari dagozkion ardurak bete ditzala eta geldi dezala berehala proiektu hau.

Aitziber Sarobe Egiguren 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.